GIPUZKOAN AURKITUTAKO
BUZTINEZKO PIPAK

Pipas de Arcilla en Gipuzkoa
Gipuzkoan Aurkitutako Buztinezko Pipak...Fabrikatzeko Prozesua

 
Buztinezko pipen fabrikazioa artisauen lana zen, baina denboraren joanean mekanizatu egin zen. Prozesu konplexua zen. Jarraian deskribatzen da, gaingiroki bada ere.

Buztinaren prestaketa

Ezpurutasunak kendu ondoren, buztina uretan ipintzen zen haize zabalean egindako zuloetan edo zurezko upeletan; beratze egoera honetan zenbait astez edo hilabetez edukitzen zuten behar bezala hidrataturik egon zedin arte. Homogeneotasuna lortu ondoren, mahai baten gainean jotzen zuten burdinazko barra batekin. Teknika zahar honen lekuan ore-egile mekanikoen erabilera nagusitu zen XVIII. mendean, batez ere Holandan, zaldi batek eragindako orea egiteko errota ezarri zutenenean; XIX. mendean motore batek hartuko zuen zaldiaren tokia.

 
Gizona buztina jotzen Oratzeko errota
                Gizona buztina jotzen                                          Oratzeko errota
 

Modelaketa

Ore bihurtutako buztina langile edo “rouleur” baten eskutik igarotzen zen, eta honek buztin zatiak bereizten zituen pipa baten gutxi gora-beherako forma emateko. Erroilu hauek xafla edo taula baten gainean ipintzen ziren, kopuru ezberdinetako multzoak osatuz: 18 unitateetako multzoetan aurreneko errenkadan zazpi egokitzen ziren, bigarrenean sei eta hirugarrenean bost erroilu. 15 unitateetakoetan, berriz, sei, bost eta lau erroilutako geruzak; eta 12koetan, bost, lau eta hiru erroilutakoak. Piramide bakoitza bila ziren pipen luzeraren eta kalitatearen araberako unitate kopuru guztizko batez osatzen zen, eskuarki 180 kopuruaren multiplo denaz. Haize zabalean idortu eta halako sendotasuna lortua zutenean, zuloak egiten ziren piezetan; horretarako olioz bustitako burdinazko ziri bat erabiltzen zen, zurezko kirtena zuen ziria, edo geroago, altzairu herdoilgaitzezko orratz bat, buztinean zilindroaren ardatzari jarraiki sartzen zena.

 
Erroiluen piramidea Erroilua ziriarekin
                   Erroiluen piramidea                                              Erroilua ziriarekin
 

Moldeaketa

Ziria artean barruan zuen pipa, aldez aurretik olioz bustitako molde batean ipintzen zen, eta moldea torloju batez edo batzuez ixten zen. Moldeak hasiera batean brontzezkoak izan ziren, geroago etorriko ziren burdinazkoak, eta eskuarki pieza biz osatuta zeuden arren, aurpegiak zituzten ontzixka jakin batzuk egiteko hiru pieza ere behar izaten ziren. Zenbaitetan, moldeari hobe eusteko xedean, moldea lan-mahaian finkatutako prentsa txiki batean egokitzen zen.

Piparen ontzixka puntzoi antzeko batekin, Frantzian “etampeux” esaten dioten tresna txiki batekin, husten zen; T bat osatuz, su-arka baten forma zuen, eta zurezko helduleku handi bat; tresna honekin behin eta berriz zanpatzen zen ontzixka hustu arte. Prozesu hau nabari erraztu zen “etampeux” delakoa palanka batez eragindako buruari erantsi zitzaionean; halatan, mugimendu bakar batez osa zitekeen su-arka. Sistema honen lekua makina batek hartuko zuen XX. mendean.

 
“ Etampeux ” Mahaia prentsarekin
                           “ Etampeux                                                     Mahaia prentsarekin
 

Bizarrak kentzea eta leuntzea

Ontzixka moldeatu eta gero, ziria muturreraino bultzatzen zen tutuak eta ontzixkak bat egin zezaten. Moldetik atera eta gero piezei bizarrak eta moldeko junturek eragiten zituzten latzak kentzen zitzaizkien; prozesu hau tresna kurbatu batez egiten zen ontzixkan, kurbadura egokitzeko, eta xede horretan botoi antzeko bat sartzen zen su-arkan.

Idortu ondoren baina erre aurretik, kalitate oneko pipak leundu egiten ziren agata harri batekin.

 
Bizarrak kentzeko tresna
  Bizarrak kentzeko tresna
 

Inprimatutako eta ziztatutako motiboen aplikazioa

Moldera jasotzen ez ziren egile-marka edo dekoraziozko motibo batzuk buztin bigunaren gainean aplikatutako hainbat tresnaren erabileraren bidez gauzatu ziren. Ontzixken ahoa inguratzen zuen hortz-markak zerraren amaiera zuen ganibet txiki antzeko batekin egiten ziren. Egileen marka batzuk burdinazko edo metalezko piezetan zeuden grabaturik, zurezko euskarri batera bilduak, eta zigiluak kurbaturik egoten ziren tutuak dekoratu ahal izateko.

 
Ontzixka hortz-markekin   Tutuak hortz-markekin
                           Ontzixka hortz-markekin  
   
Egileen markak    Tutuak hortz-markekin
Egileen markak    
 

Erretzea

Zurezko azpil antzeko baten gainean egokituriko pipak eguzkitan lehortzen uzten ziren geroago labean sartzeko. Horretarako hareaz estalitako ontzi erregogor batzuk baliatzen ziren, eta bertan buztina erre egiten zen 970º eta 1000º bitartean eta 16-24 orduz. Ontzi edo “saggar” hauen formek labeen pareko bilakaera ezagutu zuten, hasiera batean turbaz elikatu ziren eta geroago ikatzaz; XX. menderako argindarraz zebiltzan. “Saggar” direlakoak hustu ondoren, piezak berraztertu eta sailkatu egiten ziren; horretarako zartadatxo bat edo kolpe txiki bat ematen zitzaion pipari, eta zerion soinuagatik bereizten zen ondo erreta zegoen ala ez.

Bukatzeko, esan dezagun XIX. mendean pipa batzuk ur, xaboi eta argizari nahasian murgiltzen zirela; nahastura horrek, zenbaitetan, goma arabiarra izaten zuen piezak distira izan zezan eta pita erretzailearen ezpainetan itsatsirik geratu ez zedin.

 
Pipak lehortzen
  Pipak lehortzen
Pipak lehortzen
  Pipak lehortzen

 

 

igo
 
Arkeolan © 2005 -Política de Privacidad
Castellano | Euskera