Itxura batean nola grekoek hala erromatarrek pipak erabili zituzten landareak erretzeko eta helburu terapeutiko batekin; Erdi Arokoak dira pipa ahoan dutela ageri diren eskultura batzuen irudiak. Baina europarrak Amerikara iristeak bultzatu zuen kontinente zaharrean erretzeko ohitura, eta guztien artean buztinezko pipak nagusitu ziren. Ordutik aurrera, aldi berean, tabakoa Europa osoan izan zuen sarrera.
Amerikarako lehenengo bidaian Coloni lagundu zion Rodrigo de Jerez Ayamonteko marinelak ekarri zuen Espainiara tabakoa erretzeko ohitura, eta horrek hamar urteko espetxe zigorra ekarriko zion. Bartzelonako kaleetan jendaurrean erretzen ari zela Inkisizioak espetxeratu egin zuen haren jarrera deabrukeriaren ondorioa zela argudiatuz. Hala eta guztiz ere, mende bete geroago, Sevillan altxa zuten munduko aurreneko tabako fabrika.
Amerikako espedizioetatik itzultzen ziren marinel bidez, luze gabe ezagutu zuten tabakoa Portugalen.
Frantzian Katalina Mediciskoa erreginak buruko minak uxatzeko sudur-hautsaren moduan kontsumitzen hasi zenean egin zen guztiz ezagun.
Estatu Batuetan Virginiako kolonia fundatu zuen eta Ingalaterran erretzeko ohitura sustraitzen lagundu zuen Sir Walter-Raleigh jaunari gertatutako pasadizoa benetan bitxia da gure garaitik ikusirik; pipa erretzen ari zen eta bere laguntzaileak, kea zeriola ikusirik, ura bota zion nagusia erretzen ari zelakoan.
XVI. eta XVII. mendeetan tabakoari emandako osasun-erabileren aurrean: “1) Buruko mina kentzeko. 2) Erreuma oinazeak kentzeko. 3) Beste oinaze batzuk kentzeko. 4) Amaren minetan. 5) Zizareei aurre egiteko. 6) Haginetako mina kentzeko. 7) Libratzeko. 8) Flemoiak jaisteko. 9) Burua arintzeko eta ikusmena zorrozteko. 10) Harrien mina sendatzeko. 11) Asma sendatzeko”, aurkako agertu ziren batzuk, esate baterako Carlos Lorenako Dukea, eta honek debekatu egin zuen tabakoaren laborantza 1628an; edo Jaime I.a Ingalaterrakoak erretzea debekatzen zuen dekretua jarri zuen indarrean. Hala eta guztiz ere, tabakoaren kontsumoa eguneroko ohitura orokorra bihurtu zen, estu loturik buztinezko pipen produkzioaren hazkundearekin.
Ingalaterrak XVI. mende amaieran ekin zion buztinezko pipen fabrikazioari. Isabel erregina zendu zenean, 1603. urtean, Jaime I.a tronuratu zuten, eta honek, erretzeko ohiturari gorroto bizia izateaz gainera, oso ezaguna izan zen erlijio izaerako jazarpenak agintzeagatik. Ondorioz, ingeles ugari Holanda eta Frantziara egin zuten ihes, eta eurekin batera eraman zituzten pipak fabrikatzeko ezagutzak; gisa honetan sortu zen aipatutako bi herrialdeetan piparen industria. Hogeita hamar urteko gerran zehar (1618-1648), Holandako pipek ospe handia ezagutu zuten Europa osoan barrena zabaldu zirenean.
Egile askok eta askok harremanetan jartzen dute ontzixkaren neurria tabakoaren prezioarekin. Tabakoa garestia izaki, buztinezko aurreneko pipek oso ontzixka txikia zuten, baina tabakoa merkatzen zen heinean, ontzixkak handitu egiten ziren.
Ingalaterra, Holanda eta Frantzian ez bezala, Espainian XVIII. mende arte ez zen buztinezko pipa fabrikatu, eta hasiera batean Euskal herrian, Katalunian eta Balear uharteetan egin ziren ezagun.
Honelaxe dio Joan Bonet Nadalek pipa balearra hizpide duenean: “Denoi gustatzen zaigu gure bilduman Mallorcako pipa hauetako bat izatea, eskuarki pipa txikiak, trauskilak eta kanaberazko tututxoekin eginak, baita Menorcakoren bat ere –ciutadellenca–, formaz lirainagoak, finagoak, edukiera handiagoarekin eta astigar zurezko pitarekin. Garai batean uharteetako buztingintza tailer ia gehienetan egiten ziren buztinezko pipak”.
Euskal Herriko buztinezko pipei dagokienez, aipagarriak dira Enrike Ibaberen lanak. Egile honen arabera, Uribarriko (Bizkaia) Heppe familiaren buztingintza zen pipa mota hauek ekoizten zituen bakarra, eta tailer hartan bideratzen zuten fabrikazio prozesuari buruzko informazio xehea eskaintzen du. Bertako molde hiru Bilboko Euskal Museoan daude egun. |