Metodologia

 

Dendrokronologiaren emaitza onek, hein handi batean, kalitatezko laginak lortzea eskatzen dute. Lagin hauek, oro har, hiru jatorri ezberdina izango dute:

 

-         ZUHAITZ BIZIAK. Zuhaitz bizietatik aterako laginak ezinbestekoak dira erreferentziazko kronologia bat prestatzen hasteko, zuhaitz bizi batetik etorritako laginaren azken urtea bizi dugun urtearekin bat etorriko baita lagina udaberrian edo udan hartu baldin bada, edo aurreko urtearekin bat, udazkenean edo neguan hartu baldin bada. Era berean core edo lekuko izendatzen den lagina hazkundeak neurtzeko baso-barrena baten laguntzaz hartzen da. Tresna honen bidez luzera askotako laginak har daitezke, barrenaren luzeraren arabera, baina diametroak inoiz ere ez ditu bost zentimetroak gaindituko. Eskuarki bi lagin hartzen dira zuhaitz bakoitzetik, enborraren hazkundearen ikuspegi orokorragoa izateko xedean. Operazio honek ez dio kalterik eragiten zuhaitzari, honek, denborarekin, ukitutako aldea bereizi eta isolatzen duelako; gainera masilla-txertoak ematen zaizkie zuloak estaltzeko eta intsektu eta onddoen erasoak saihesteko.

 

-         ERAIKINAK ETA BESTE EGITURA ARKITEKTONIKOAK. Eraikin edo beste egituren laginak erdiesteko, lehenik kontuan hartu behar da haien egoera. Eraikina eraitsia izan baldin bada, zerra mekaniko bat erabiliko da gutxi gora-behera bost zentimetro lodierako xerrak ebakitzeko. Laginketari ekin baino lehen eta horretarako aukerarik baldin badago, eraikina bisitatu eta piezak markatuko dira, pieza bereziak erregistratuko dira, baita piezak batzeko moduak ere, eta erregistratu egingo dira, halaber, ordezkatuak izan direnak. Eraikina eraitsi behar ez denean edo egitura motozerra batez eraso ez daitekeenean, barrena mekaniko bat erabili daiteke laginketa egiteko. Zuhaitz bizietan erabilitako sistema bertsua erabiliko da, baina kasu honetan bitarteko mekanikoak erabili behar dira zuraren erresistentzia handiagoa delako. Barrena, altzairuzkoa eta barruko aldetik zazpi zentimetroko diametroa duena, lagina lortzen laguntzen duen zulagailu elektriko batean egokitzen da. 

 

                              

 

-         ZUR ARKEOLOGIKOAK. Zur arkeologikoak dira laginketak egiteko beste aukera bat, hau da, indusketa arkeologiko batean aurkitutako zurak, hainbat zirkunstantziaren baturari esker iraun dutenak, esate baterako, inguruan lur-eremu limotsuak izateagatik eta zur hauen deskonposizioa eragiten duen oxigenoa ez egoteagatik. Zur arkeologikoek antzinatasun handiko laginak biltzea ahalbideratzen dute, eta horiek kurban gora egiten lagun dezakete. Zur mota honen laginketa zura moztuta egiten da. Ebakiak zeharkakoa behar du izan eraztunen sekuentzia ikusi ahal izateko.

 

Laborategira itzulirik, jatorriaren arabera tratamendu bat edo beste eman behar zaie laginei. Batetik nola zuhaitzen hala habeen core edo lekukoak dauzkagu, eta hauek euskarri berezietan itsatsi behar dira oso hauskorrak direlako. Geroago, zurezko xerrekin bezala, lixatu egiten dira eskuz edo bitarteko mekanikoak baliatuta. Lagin arkeologikoei dagokienez, gainazala leuntzeko hortz batez prestatzen dira.

 

Jarraian, neurtu egiten dira laginak. Gure kasuan Lintab neurgailu bat erabiltzen dugu, eta neurri guztiak erregistratzeko PC bati konektatuta edukitzen dugu. Neurriak zehaztu ondoren, erregistratu eta tratamendu estatistiko bat ematen zaie.

 

 

Itzuli