Lortutako emaitzak, aplikazio praktikoak eta etorkizunaren aurreko perspektibak

 

Orain arte egin diren azterketak gutxietsi gabe (web orrian jasotzen den artikuluan laburbilduta, PDF formatuan), ez dago zalantzarik Arkeolanek une honetan darabilen lan-hipotesi berria behin betiko urratsa izango dela zientzia honen garapenean eta penintsularen ipar alde honetan.

Azken hilabeteotan Arabako lurralde historikoan oso zaharrak diren (300 eta 400 urte bitarte) erkamezti txiki eta erkametz (Quercus faginea) isolatu batzuk, bereziki ondo kontserbatuak, aurkitu izanak aukera eman du laborategi honek orain arte zuhaitz biziekin zehaztutako kronologiarik hoberena osatzeko. 48 erdiz eta 9 serie berezituz osatutako kurba da, 1635-2003 bitarteko epe kronologikoa hartzen duena. Laginak eskaini zituzten zuhaitzak egoera ezin hobean zeuden azterketa hauek egiteko, kasu batzuetan altueraren banaketaren mugan kokatzen ziren, eta besteetan zuhaitz batzuk substratu meheko aldeetan zeuden, eta ondorioz, euren hazkunde serieek hobe islatzen dituzte zein klima egoeratan hazi diren (hazkunde sentikorra vs. hazkunde azkarra).

Erribera Goitia, Araba

 

Erkametza

Kurba berri hau laborategiak lehendik osatutako beste kurbekin alderatuz eta Bartzelonako Unibertsitateko Dendrokronologia Taldeko kide Joseba Lizeaga Rikak prestatutako EGARANA kronologia baliatuz, egiaztatu zen kurba berria baliozkoa zela. Sinkronizazio aldietarako indize estatistikoak oso esanguratsuak ziren eta, kontuan harturik aurkientzen arteko aldea, hazkundean hautemandako joera komunek klima seinale egokiaren erregistroa adieraziko lukete.

Baliagarria zela egiaztatu ondoren, eraikuntzarako zuretatik etorritako serieekin, data ezezaguneko serieekin, alderatu zen; emaitzak bikainak izan ziren, eta hasieran 25 lagin baino gehiago datatu ahal izan ziren, leku askotatik iritsitakoak, eta kurba honek hartzen duen tarte kronologikoa luzatu ahal izan zen, 1384-2003 bitartean zehaztuz. Bere aplikazioaren adibide gisa, esan dezagun Kantabriatik etorritako zurak arrakasta osoz datatu ahal izan direla, XVII. mendekoak, baita Nafarroako zur batzuk ere, hauek XIV. mendekoak.

Jarraian aurkezten dira kronologia honekin sinkronizatu ahal izan diren laginen zerrenda eta datazio urteak:

 

LAGIN ZENB.

JATORRIA

HASIERA DATA

AZKEN DATA

L.D.I. 1783

Xabatenea etxea, Arraiz, Nafarroa

1501

1681

L.D.I. 1784

Xabatenea etxea, Arraiz, Nafarroa

1384

1690

L.D.I. 1785

Xabatenea etxea, Arraiz, Nafarroa

1491

1616

L.D.I. 1786

Xabatenea etxea, Arraiz, Nafarroa

1535

1614

L.D.I. 1787

Xabatenea etxea, Arraiz, Nafarroa

1606

1666

L.D.I. 1788

Xabatenea etxea, Arraiz, Nafarroa

1498

1633

L.D.I. 1789

Xabatenea etxea, Arraiz, Nafarroa

1554

1617

L.D.I. 1933

Santana baserria, Arrasate, Gipuzkoa

1569

1751

L.D.I. 1937

Santana baserria, Arrasate, Gipuzkoa

1562

1736

L.D.I. 1946

Santana baserria, Arrasate, Gipuzkoa

1614

1736

L.D.I. 730

Baserri ezezaguna, Andoain, Gipuzkoa

1515

1675

L.D.I. 214

Abaría etxea, Ordizia, Gipuzkoa

1531

1635

L.D.I. 217

Abaría etxea, Ordizia, Gipuzkoa

1528

1633

L.D.I. 1794

Donamariako eliza, Nafarroa

1557

1649

L.D.I. 1793

Donamariako eliza, Nafarroa

1573

1645

L.D.I. 1797

Donamariako eliza, Nafarroa

1560

1635

L.D.I. 634

Doneztebeko parrokia, Nafarroa

1482

1584

L.D.I. 641

Doneztebeko parrokia, Nafarroa

1497

1578

L.D.I. 647

Doneztebeko parrokia, Nafarroa

1476

1563

L.D.I. 650

Doneztebeko parrokia, Nafarroa

1486

1608

L.D.I. 654

Doneztebeko parrokia, Nafarroa

1495

1584

L.D.I. 1482

Frantziskotarren komentua, Arrasate, Gipuzkoa

1556

1614

L.D.I. 1483

Frantziskotarren komentua, Arrasate, Gipuzkoa

1557

1611

L.D.I. 1489

Frantziskotarren komentua, Arrasate, Gipuzkoa

1539

1611

L.D.I. 1487

Frantziskotarren komentua, Arrasate, Gipuzkoa

1528

1597

L.D.I. 619-625

Agerre-Bekoa baserria, Zarautz, Gipuzkoa

1495

1620

L.D.I.1049

Ibarraundia jauregia, Eskoriatza, Gipuzkoa

1547

1761

L.D.I. 1966

Valdáliga kalzada, Kantabria

1608

1737

 

Une honetan Arkeolanen datu-basean jasotako beste laginekin ari gara konparazioak egiten, sinkronizazio berriak aurkitzeko xedean. Laginok, aurtengo urteari begira programatutako laginketetatik jasotzen direnekin batera, data ezezaguneko egituren datazio berriak zehazteko aukera emango dute, euren bilduma aberasteko balioko dute eta, honenbestez, datatzeko tresna gisa duten ahalmena emendatuko dute. 

Klimaren nondik norakoak aztertzeko lanak (ikerketa-lan hauetan batera aztertzen dira hazkunde serieak eta metereologia datuak hazkundean eragin handieneko klima-faktorea isolatzeko eta, honenbestez, eraztunen zabaleratik abiatuta iraganeko klimaren berri izateko) kurbara lagin berriak jasotzeko aukera guztiak agortzen direnean egingo dira, zenbait epetan duen isla artean ez baita behar bestekoa hazkundearen eta klima-faktore garrantzitsuaren arteko koantifikazioa zehazteko. 

Iraganeko klimari buruzko datu puntualei dagokienez, oraingoz urte esanguratsuak, maiztasuna eta eratxikiriko balizko fenomenoak hautemateko azterketak baizik ez dira egin. 

Ondoko grafiko honetan zehazten dira azken hirurehun urteko epeari begira jasotako datuak:

 

Urte esanguratsuen maiztasunaren bilakaera hamarraldien arabera

 

Urte hauetako maiztasunaren azterketa, zuhaitz gehienek hazkunde “bereziki” handia edo txikia erakusten baitute, eta sarri askotan muntako klima fenomenoei lotuak baitira, oso garrantzitsua da kliman izandako aldaketen adierazlea baita; hau da, epe kronologiko jakin batean urte hauen proportzio handiagoa hautematen bada, epe horretan klimak aldaketa handiagoak izan dituelako seinale da.

Urte hauetako klima fenomenoak toki edo eskualde mailakoak izan daitezke, 1919an penintsularen iparraldean eragin zuen hotz eta ekaitz boladak esaterako –zuhaitzak oso-oso gutxi hazi ziren– edo 1942. urtean erregistraturiko idorte luzea, hurrengo urtean zuhaitzak oso-oso gutxi hazi baitziren ondorioz.

Munta handiagoko beste fenomeno batzuk ere harremanetan jarri dira serie dendrokronologietako urte esanguratsuekin. Halatan, 1815. urtean Indonesiako Tambora sumendiko erupzioak mundu mailan izan zituen ondorioak, “udarik gabeko urtea” deitua eragin zuen, eta mundu osoko zuhaitzak gutxi hazi ziren. Antzeko zerbait gertatu zen Nikaraguako Coseguina sumendia 1835ean lanean hasi zenean; hurrengo hiru urteetan tenperaturek behera egin zuten kolpean, eta tarte horretan erregistratutako hazkundeak minimoak izan ziren. Beste kasu batzuetan, zuhaitzen eraztunen zabalera txikienen erregistroak mundu mailako hotz boladekin jartzen dira harremanetan, 1878-1879 urteetan bezala, edo ozeanoetako korronteen zirkulazioarekin lotutako fenomenoekin jartzen dira harremanetan, Niño deitutako kasuan esaterako; kasu honetan 1982-1986 epean hazkunde nabaria islatzen da, azterketa askotan hauteman zen bezala, eta berriro ere, kasu honetan islatua.

Aurreko grafikoa aztertuta ondorioztatzen da XX. mendeko azken herenera biltzen dela azken hirurehun urteetako urte esanguratsu hauen proportziorik handiena. Datu hau berretsi egiten dute laborategi honek Gipuzkoako haritzekin egindako antzeko azterketa batzuek; hauek ere urte esanguratsu gehienok XX. mendearen bigarren erdialdean kokatzen dituzte. Azken urteetan gero eta sarriagoa gertatzen ari den klima aldakor hau Europa osoko laborategi askok hauteman dute, eta arrazoiak aztertzen hasiko ez garen arren, klima aldaketari buruzko teoriak berresten direla ematen du.

 

Itzuli