Definizioa eta historia laburra
DEFINIZIOA:
Dendrokronologia (dendros, zuhaitza, eta cronos, denbora, hitz grekoetatik eratorria) da, bere adierarik zabalenean, zuhaitzen hazkundearen urteroko eraztunak datatzen dituen zientzia. Beste era batean adierazteko, zuhaitzen hazkundearen urteroko eraztunak identifikatzea eta eraztun bakoitzari, era zehatzean eta huts egiteko modurik utzi gabe, egutegi absolutu batean urte jakin bat ematea, non azken urtea bizi duguna den, helburu dituen metodoen multzoa da. |
|
Antzeko egoeretan (urtaro berean eta elkarrengandik hurbil) hazitako zuhaitzen eraztunek antzeko ezaugarriak erakutsi behar dituztelako printzipioan oinarritzen da dendrokronologia. Honenbestez, zuhaitz horien artean halako sinkronia bat hauteman behar da euren bizitzan zehar osatutako eraztunetan. Dendroarkeologiaz edo zur historikoak edo fosiltzeko bidean dauden izakien datazioaz gainera, hainbat azpi-ataletan bana daiteke Dendrokronologia, eta horietako batzuek ingurumen eta klima izaerako kontuak dituzte aztergai, esate baterako, dendroekologiak eta dendroklimatologiak. |
|
HISTORIA LABURRA:
Klasiko batzuek eta Berpizkundeko egile batzuek zuhaitzaren hazkundearen eraztun bakoitza egutegiko urte bati zegokiola ohartarazi zuten arren, Dendrokronologiaren eta metodo dendrokronologikoen garapena, egun ezagutzen dugun moduan, A.E. Douglass astronomo iparramerikarrari zor zaio. Ikerlari hau, XX. mendeko aurreneko hamarraldietan, AEBetako Hegoaldean, eguzkiaren orbanen eta denboraren joanean lurrak bizi izandako klimaren arteko harremana aztertzeko modua eskainiko lizkioketen klima-erregistroak erdiesteko modua bilatzen ari zen bitartean, klimaren aldaketek zuhaitzen eraztunen zabaleran eragina zutela jabetu zen. Ipar Arizonako basoetan barna egin zituen bidaietan hipotesi bat garatzen hasi zen. Haren arabera, aski lurralde idorra den eskualdean, nagusiki urak baldintzatzen zuen zuhaitzen hazkundea, oso bigarren mailan geratzen ziren argia edo zuhaitzen arteko lehia bezalako beste faktoreak. Halatan eraztun estuak erregistratuko ziren urte lehorretan. 1914. urtean Douglassek ia bostehun urteko kronologia bat osatu ahal izan zuen Pinus Ponderosa baten eraztun batetik abiaturik, eta agerian utzi zuen, garai hartan eskura zeuden klima-erregistroak baliatuta, eraztunen zabalerak zuzeneko harremana zeukala aurreko neguko prezipitazioarekin. Europan, berriz, 30. urteetako hamarraldian hasi ziren serio eta era jarraitu batez Dendrokronologiaren aplikazioak baliatzen. Douglassek garatutako metodoa Alemanian hasi ziren aplikatzen haritzezko zurarekin, Erdi Aroko datazioen arazoari erantzun bat aurkitu nahian. AEBetan ez bezalako espezieak baliatuko ziren Europan, eta hauen sentsibilitatea ere bestelakoa zen Europako klima epelaren ondorioz. Europan haritza da erreferentziazko espeziea, zur hori izan baita erabilia historiaurreaz geroztik nola eraikuntzan hala arte aplikazioetan. Klimaren aurrean haritzak eskaintzen duen bestelako erantzunek behartu zuten Douglassen metodoan hainbat zuzenketa egin behar izatera: AEB Hegoaldeko klima lehorrak zuhaitzen erantzun muturrekoak (urte jakin batean eraztun bakar baten neurrietan dute isla) eragiten zituen artean, Europako klimak, epelagoak, aldaketak eragiten zituen eta eraztun multzo bat sortzeko joera hautematen zen. Gaur egun Europako herrialde gehienetan badira dendrokronologia laborategiak, nola pribatuak hala unibertsitate edo beste erakunde batzuei lotuak, eta datazio dendrokronologikoen inguruko ikerketak egiteaz gainera, dendroklimatologia eta dendroekologia bezalako arloak ikertzen ere dituzte. Irlanda bezalako herrialdeetan, 10.000 urte baino gehiagoko haritzaren kurbak erdietsi dituzte. |