|
Arkeolan
euskal ondare arkeologikoaren azterketari emana bizi
den zentro profesional batez hornituriko kultura erakundea
da, bereziki Gipuzkoako lurraldeko eta I. eta XI. mende
bitarteko ondareari dagokionez.
Zentro
honek 1989. urtean zabaldu zituen lehenengoz bere ateak,
hamarraldi horretan bertan ekindako prozesu baten amaieran.
Aldi horretan zehar jarduera arkeologikoaren garapen
profesionala erraztuko zuten azpiegiturak eta aldeko
giroak sortu genituen, bereziki hiri eremuetan. Ildo
honetatik, aipagarria da Gazteak Hiri Arkeologian Prestatzeko
Ikastaroaren esperientzia. Ikastaro hori 1987-1989 urteetan
eskaini zen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Europako
Gizarte Fondoak finantzatuta egon zen.
Euskadiko
Autonomia Erkidegoan aldi horretan planteatutako proposamenetatik
etorria da ondare arkeologikoaren egungo kudeaketaren
eskema, eta babesturiko eremu batzuen zehaztapenean
oinarritzen da. Eremu horietan nahitaez egin behar dira
jarduera arkeologiko batzuk obretarako lizentziak eman
baino lehen.
Hiri
arkeologiaren ezagutzari eta arkeologoei egindako ezbairik
gabeko ekarpenaz gainera, ARKEOLAN historia eta arkeologiako
azterketa eta ikerketa zentroa aitzindaria izan da meatzaritza
eta erromatarren garaiko finkamenduen, Erdi Aroko eta
Erdi Aro osteko siderurgiaren, Erdi Aroko hiribilduetako
topografia arkeologikoaren, hiri eta mendiko gotorlekuen,
nekropolien, hiri plangintzen dokumentuen eta tipologia
bankuak sortzeko lanen azterketetan. Era berean, talde
honek eman du ezagutzera Harris Matrix System izeneko
metodologia, Londresko Museoak garatutako testuinguru
bakuneko bertsioaren arabera. Metodo hau bere egin dute
lanean ari diren arkeologo ia guztiek.
|
|

Irungo
Santiago kaleko portu erromatarra

Esperimentazio
lanak Agorregiko burdinolan (Aia)

Bretxako
indusketa (Donostia)
|

ARLOAK
Zentro
hau jarduera arkeologikoaren eta berau garatzeko izaera
profesionalaren inguruko arlo funtzional lautan antolatzen
da. Lan eta kontratu kontuak, aurrekontuak, kontabilitatea
eta beste egiteko administratiboak kudeaketa arlora
biltzen dira. Lan arkeologikoa inguratzen duten informazio
historikoetan sarrera izateko, erregistratzeko eta sailkatzeko
estrategiak dokumentazio arloak diseinatzen ditu. Bere
aldetik, lanen berri emateko arloak nola hiritar guztiei
hala adituei ikerketen emaitzetan sarrera erraztea du
helburu.
JARDUERA
GARRANTZITSUENAK :
.
Ama Xantalengo erromatarren garaiko nekropoliaren
museoaren proiektua. Edukien memoria. Irungo Udala.
. Gatzaren museoaren proiektua, Eugenio Otsoa, Leintz-Gatzagakoa.
Ikerketa arkeologikoak.
Leintz- Gatzagako Udala .
. San Martin Iraurgikoa ermitaren Ondarelekua. Azkoitiko
Udala.
. Fanderiako errota berritzea. Errenteriako Udala.
. Oiassoko museoaren proiektua, erromatarren garaia
Bizkaiko Golkoan. Irungo Udala.
. Bidasoako Nazioarteko Zine Arkeologikoaren I. Jaialdia.
Irungo Udala.
. Erakusketak, hitzaldi zikloak eta ikastaroak.
. Arkeolan aldizkariaren argitalpena.
. Oiasso eta Hurbil bildumetako monografien argitalpena.

SAILAK
Zentroa
antolatzen den lau arloez gainera, ikerketa programak
bideratzeaz arduratzen diren sail batzuk osatu dira.
Honenbestez, arkeologia sailak hiri inguruarekin, erromatarren
garaiko meatzaritzarekin eta esperimentuzko arkeologiarekin
zerikusia duten proiektuak garatzen ditu. Arkeozoologia
sailean Oiassoko hiritarren elikadurarekin zerikusia
duten azterketak garatzen dira, eta dendrokronologia
sailean Gipuzkoako lurraldeko landaretzaren kurba itxuratzen
ari dira etorkizunean datazioak eskaintzeko tresna gisa
erabiltzeko xedean.
Arkeologia.
Arkeozoologia.
Dendrokronologia.
Grafismoa.
Artxiboa.
Liburutegia.
|